martxelo otamendi

E-28, denon harrotasuna

2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

New Yorkeko gayen topaleku ez legala zen Stonewall edaritegi mitikoaren aurka 1969an gaurko egunez hiri horretako Poliziak egindako eraso bortitzak sortu zuen mugimendu aldarrikatzailea gogoan —istilu haiek sexu aukerarako eskubidearen aldarriaren Big Banga izan ziren—, milioika lagunek mundu osoko kaleak hartuko dituzte gaur ere LGTBIQ+ kolektiboen eskubideen alde.

Ahal dutenek jendetza bilduko dute festa erreibindikatzaile giroan, eta debekatuta daukatenek —gehiengoa dira oraindik munduan— oso talde txikitan egingo dute, jakinda beste behin Poliziaren errepresioa eta herritar batzuen erasoak jasan beharko dituztela. Zoritxarrez, estatu askotan oraindik heriotzarekin eta kartzela zigorrarekin daude zigortuta harreman homosexualak eta molde heteroetatik kanpoko izaerak. Abiadura desberdinetako egoerak daude munduan.

Beste eskubide batzuekin ikusi dugunez, luzea da eskubideak osoro eskuratzeko bidea, oztopo lasterketa asko gainditu behar dituelako ahaleginak: errepresioa, tolerantzia, onarpen ez-aktiboa, ondo geratzeko keinu jarrera eta benetako berdintasuna.

Komeni da gogoratzea LGTBIQ+ kolektiboko taldeak ez daudela tamalez denak onarpen egoera berean, ezta gure herrietan ere, herritarren onarpena ez baita bera talde guztiekin.

Ez gaitzaten gaurko ospakizunek itsutu beste herrialdeetan dauden egoera larriak ez ikusteraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.