Haserre daude Sinn Feineko euskaltzaleak —irlanderazaleak— Ipar Irlandako Gobernuaren ministerio banaketan Sinn Feinek Hezkuntza DUPen esku utzi duelako, jakinda DUPek oso gutxi egingo duela eskoletan irlandera erakutsi eta erabilera indartzeko. Akats larritzat jo dute.
Gobernua hauteskundeetan izandako emaitzen arabera osatzen da, beti irizpide hau beteta: komunitate errepublikanoak eta unionistak alderdi bana eduki behar dute bertan, gutxienez. Sinn Fein, DUP, Alliance eta UUP unionista dira gobernuan egongo diren lau alderdiak. Ministerioen aukeraketari poker politikoa esaten diote; irabazleak lehen ministroaren ardura hartzen du, bigarrenak lehen ministrordearena, eta ondoren ministerioak aukeratzen dituzte poker partidan baleude bezala.
Poker horretan, Sinn Feinekoak seguru zeuden DUPekoek Finantza Ministerioa hartuko zutela, hori zelako, Sinn Feinekoak despistatu nahian, unionistek prentsan filtratu zutena. Ez, bada. Errepublikanoen zoritxarrerako, unionistek aurrea hartu zieten, eta Hezkuntza aukeratu zuten.
Sinn Feinek ministerio ekonomikoen ardura hartu du: Ekonomia, Finantzak eta Azpiegiturak. Helduei irlandera erakutsi eta erabilpena sustatzeko ardura ere, Komunitateen Ministerioa, DUPen esku geratu da.
Ulergarria Sinn Feineko euskaltzaleen haserrea.