martxelo otamendi

Dufauren txupinazoa

2024ko uztailaren 9a
05:00
Entzun

Garaiz dabil oraindik Iruñeko alkate Joseba Asiron bigarren txupinazoa antolatu eta Peio Dufau diputatu aukeratu berria gonbidatzeko bigarren suziria botatzera. Abertzaleen begietan, aurtengo festetan gehien txaloturiko bisitaria litzateke, nahiz iruindarrentzat egunik egokienak ez izan, nekeak —zurruta esateko modurik eleganteena— egunetik egunera gero eta gehiago lausotzen baitie ikusmena.

Igandean ikusmena ederki nekatu zutenak EH Baiko kideak izan ziren. Frantziako Asanblea Nazionalerako egin ziren hauteskundeetako bigarren itzuliko botoak zenbatzen aritu ziren, seigarren barrutiak hartzen dituen 25 herrietakoak bereziki: Hendaia, Donibane Lohizune, Miarritze... Beste bi hautagaiekin lehia larrian, ez zuen Dufauk eserlekua segurtatu zenbaketa bukaera arte.

Marine Le Pen ultra eskuindarraren garaipena eragozteko helburuarekin Frantziako ezkerreko alderdiak hauteskundeotan bildu dituen Fronte Popular Berrian sartu zen EH Bai, bi aldeei mesede egiten zien oso estrategia bizkorra eta, batik bat, praktikoa erabilita. Emaitza estuek erakutsi dutenez, ezkerreko fronteak ez zukeen Ipar Euskal Herrian diputaturik lortuko EH Bairen boto emaileak etxean geratu izan balira, eta EH Bai bera bakarrik joanda oso urruti geratuko zatekeen Parisen diputatu bat lortzeko aukeratik.

Bi aldeen arteko desberdintasunak, ikuspegi nazionalean bereziki, handiak izan arren, jakin dute une batez alboratzen eta helburu nagusi baten alde jartzen: beharra eta bertutea uztartzearen abantaila.

Ez zaizkio Asironi faltako Iruñeko kaleetan Dufauri lepoan zapi gorria jartzen lagunduko diotenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.