Nostalgia ez da tresna egokia izaten aurrera egiteko, denbora kentzen digu, eta ez digu uzten bide berriak jorratzen. Antzeko gaitzak jo ditu azkenaldian Kataluniako independentziazaleak, 2010ean hasiera eduki zuen prozesuaren arrakastaren malenkoniak —gizarte zibilaren ekinaldia, alderdien arteko gutxieneko batasuna, gizarte erakundeen inplikazioa...— ez duelako ikusten uzten gaurko egoeraren larria.
Inoizko aukerarik egokiena eduki zuen independentziaren aldeko mugimenduak Espainiako Estatuari eusten dioten zutabeak pitzatzeko. Oker asko egotz diezazkiokegu mugimendu hari, kanpotik denak gara oso bizkorrak, baina Mendebaldeko diplomaziarik eta komunikabiderik garrantzitsuenen arreta bereganatu zuen; gerta zitekeelakoan.
Oso bestelakoa da egoera gaur egun. Independentziaren aldeko alderdiak nor bere aldetik eta elkarri hitz potoloak jaurtiz, gizarte talde nagusiak —Omnium eta ANC— elkarrengandik urruti, eta urte haietan oso aktibo jardun zuten ehunka mila herritar etxean, ekintza batasun adiskidetsua noiz itzuliko zain.
Aurten manifestazio bakarra egin beharrean, bostera deitu dute elkarrekin Omniumek eta ANCk: hiriburu bakoitzean bat, eta Tortosan beste bat. Ez da giro izango Bartzelonakoan, ANC eta Junts oso kritiko baitira ERCrekin Salvador Illa sozialista —aurreneko presidente ez-independentziazalea azken hamalau urteotan— Generalitateko buru egiteagatik.
Mataza ezin askaturik segitzen dute.