martxelo otamendi

Demokrazia da, ez ekonomia bakarrik

2025eko apirilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lan ederra jarri dio munduari AEBetako Donald Trump presidenteak, muga zergak ezarrita herrialde asko kinka larrian jarri ditu eta. Herrialde horiek zer egiteko prest daude Trumpek abiatu duen oldarraldia haren hilobia izan dadin? Aurreneko egunotan ikusi dugunak ez dio, Oskarbiren kantak zioenez, «esperantzari leiho bat» zabaldu. Badirudi ia denek egingo dutela —Europak aurrena— Trumpen nahia: Etxe Zurira apalki joan, eta, zintzoak izatearen truke, zerga berrien ehunekoa jaistea.

Trumpen politikaren biktimek argi eduki behar dute gerra honetan galtzaile bakarra egon litekeela, aurreneko bala bota duena. Handira jokatu du Trumpek, eta handitik erantzun behar zaio. Trumpek ezin dio partida hau irabazi munduari.

Asko ari gara hitz egiten Trumpen estrategiak munduko ekonomiari egingo dion kalteaz, bai baitago horretarako arrazoirik. Baina badago ekonomia baino balio handiagoa daukan beste biktima bat: demokrazia. Akats asko ditu, baina Trumpek eta haren lagun mega-aberatsek eskaintzen digutena baino hobea da.

Liskar honekin, geure buruari azken bi mendeetan eman diogun sistema bera dago arriskuan: 2020ko hauteskundeetako emaitzak onartu ez, AEBetako Kongresuan indarrez sartu zirenei indultua eman, politika sozialak deuseztatu, muga zergak harropuzkeriaz inposatu… 

Sistema demokratikoa dago arriskuan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.