Galtzaile txarra da hauteskundeak galdu eta bere jarraitzaileen eta komunikabideen bidez hauteskunde gaua segitzen ari direnen aurrean agertzen ez den hautagaia. Horixe egin zuen asteazken goizaldean Kamala Harris presidentegai demokratak, bere jarraitzaileen etsipenerako. Galdu eta, gainera, buruzagia ezkutatuta.
Etsigarria izan behar du bere programa irainarekin eta gezurrarekin ehundu eta mende oso batean funtzionatu duen gutxieneko akordioa —hauteskunde emaitzak errespetatzea— birrindu zuen hautagaiaren aurka galtzea. Donald Trumpen garaipen argiaren merituaren erdia berea da, eta beste erdia, demokraten demeritua.
GOP (Grand Old Party, Alderdi Zahar Handia) esaten zaio Alderdi Errepublikanoari AEBetan, baina ematen du azken urteotan akronimo hori egokiagoa dela demokratei deitzeko; erreflexurik ez daukan erakunde politikoa da, eta arterioesklerosi politikoak jota ematen du.
Hauteskundeak hurbiltzen direnean esnatzen eta igarotakoan itzaltzen diren hauteskunde makinak dira alderdiak AEBetan, bata zein bestea. Hainbesteraino, gurean ez bezala, hautagai bakoitzak ordaintzen du bere kanpaina.
Zein alderditako boto emaileek daukate azken urteotan batez beste errenta per capita baxuena herrialde hartan? Trumpenek. Aberatsen alderdia da, herritar arruntentzat, Alderdi Demokrata, eta hori gogotik ordaindu zuen herenegun.
Badaukate nondik hasi lanean demokratek.