Datuak tematiak dira, eta errealitatearen ikuspegi zehatza ematen digute. Ondoren, datu horiek azaltzen diguten errealitatea hobeto ulertzeko nahi adina azalpen erlatibizatzaile erabil ditzakegu —testuingurua, historia, datu konparatiboak…—, baina datuak ezin izango dira ezkutatu.
Atzo kaleratu zuten Copernicusen 2024ko txostena. Europan gertatzen ari den klima aldaketaren azterketa egitea du helburu Copernicus proiektuak; eta, beste behin, agerian utzi du, mundu osoan bezala, iaz igo egin zela tenperatura Europan eta ugaritzen ari direla muturreko egoera klimatologikoak. Adituek urteotan salatu dutena berretsi baino ez du egin Copernicusek.
Munduko herrialdeek urteak daramatzate klima aldaketari buruzko batzarrak egiten, baina asko kostatzen zaie mamizko akordioak lortzea, eta are gehiago paperean sinatutakoa betetzea. Ez daukate herrialde garatuek eta garabidean daudenek ahalmen bera isuriak murrizteko.
Copernicus txostenak bat egin du egutegian gure herrian energia iturri garbiak nola landu zabalduta —eta itxi gabe— daukagun eztabaidarekin. Denok gara jatorri fosileko energiak baztertu eta energia berriztagarriak erabiltzearen aldekoak, baina ez dago adostasunik berriztagarriak nork, non, noiz eta nola landu behar ditugun erabakitzeko orduan.
Premiazkoa da berriztagarrien eztabaida nazionala.