Luis Carrero Blanco hil eta biharamunean, ETAko hiru kide gazte (Pertur, Wilson eta bizirik dagoen bat) Parisera joan ziren komunikabideei adieraztera haiek hil zutela Francoren oinordekoa. Komeni zen egiletza ahal zen azkarren argitzea, Carrero hil zuen leherketa gas isuri baten ondorioz izan zela zabaldu baitzen lehen orduetan.
France Press agentzian zeudela, kazetariek jakinarazi zieten etakideei (Erbesteko) Euzkadiko Jaurlaritzako lehendakari Jesus Mari Leizaolak adierazpena egin berri ziola AP agentziari, esanez atentatu hori ez zuela ETAk egin. Honela jaso zuen, hitzez hitz, Euzkadiko Jaurlaritzaren Agerkari Ofizialak, OPE delakoak, Leizaolak esandakoa: «Ez dut uste inongo euskal taldek atentatu hori egin duenik».
Hori jakin bezain pronto, bi etakide –Pertur eta bizirik dagoena– France Pressetik atera eta zuzenean joan ziren jaurlaritzaren egoitzara, Leizaolari jakinaraztera atentatua ETAk egin zuela. Tentsio handiko bilera izan zen, Leizaolak ez baitzituen hartu nahi izan, ez zielako sinesten ETAkoak zirenik. Etakideek, sinetsarazteko, Ipar Euskal Herrian errefuxiatu gisa zeuden jeltzaleen erreferentziak eman zizkioten Leizaolari.
Agerkari Ofizialaren hurrengo zenbakian onartu zuen Euzkadiko Jaurlaritzak ETAk hil zuela Carrero.