Aurreneko aldiz bere historian lor lezake BNGk —Bloke Nazionalista Galiziarra—, Galiziaren autodeterminazioa defenditzen duen alderdiak, Galiziako Gobernua Xuntaren lehendakaritza.
Galiziako ortzi politikoan ezkerreko ideologia abertzalea zeukaten alderdi txiki eta zatituak, behingoagatik, elkarrekin lanean jartzeko bokazioarekin jaio zen, fronte gisa, 1982an. Urte askotako emaitza gorabeheratsuen ondoren, indar handiarekin iritsi dira igandean egingo diren hauteskundeetara. Inork ez du duda egiten PPk irabaziko dituela hauteskundeok, BNG bigarren geratuko dela eta PSdeG (PSOE Galizian) hirugarren. Duda handiagoa da Democracia Orensanak —PPren salbatzaile izan liteke—, Sumarrek eta Podemosek lor ditzaketen emaitzekin. Azken bi alderdien kasuan, ez da baztertu behar ohiko boto emaile dezentek boto baliagarria ematea BNGri.
Bozketa eguna iritsi ahala, inkesten trackak —botoaren bilakaera neurtzen du egunero kanpainaren azken egunotan— PPren jaitsiera eta BNGren igoera iragartzen du. Baina, aldi berean, bi efektu kontrajarri sortzen ditu BNGk. Aldekoa, PP Xuntatik ateratzeko palanka nagusia da; aurkakoa, PPren inguruan bil ditzake BNGk sor dezakeen beldurraren botoa, eta Pedro Sanchezen aurkakoa.
Beste behin, Vox Galiziako Parlamentutik kanpo geratuko da.