Ez ote dago munduan Saudi Arabia baino kredentzial demokratiko hobeak dauzkan herrialderik AEBetako eta Errusiako ordezkariek Ukrainaren banaketaz hitz egiteko? Normalean, bitartekaritza prestatu eta egiten duten herrialdeak tradizio demokratiko handikoak izaten dira; bitartekaritza zer edo zer bada, hitz egitea da, eztabaidatzea eta, aukera badago, adostea. Azken hamarkadetan, Norvegia nabarmendu da lan horretan, herrialde horrek lagundu eta aterpetu baitu bake elkarrizketa gehien munduan: Israel-Palestina 1993an, Kolonbia, Guatemala, Sudan, Euskal Herria…
Bitartekariak onak izango badira, komeni da arazoak indarrez barik hitzaren bidez konpontzen jakitea. Ez da hori, arazoak hitz eginez konpontzea alegia, Saudi Arabiaren dohainik handiena. Galde diezaiotela Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiar kritikoari, zeina Saudi Arabiako agintarien aginduz hil zuten herrialde horrek Istanbulen daukan kontsuletxean.
AEBek eta Errusiak asteon Riaden edukitako elkarrizketek beste galdera bat sortu dute: zein herrialde demokratiko egon liteke prest Ukrainaren etorkizunari buruzko elkarrizketak ostatatzeko, jakinda Ukrainako ordezkaririk ez dela egongo bilera horietan eta AEBek eta Errusiak oso irtenbide umiliagarria eskainiko diotela Ukrainari?
Bat ere ez.