Edozein aldetatik begiratuta ere, oso arraroa da Venezuelan «terrorismoaren» bidez herrialde horretako gobernuaren aurkako kanpaina batean parte hartzea leporatu dieten bi bilbotarren kasua.
Horrelakoetan, lagungarri izaten da hipotesiak baztertzea, errealitatetik gertuen egon litekeenarekin topo egin arte.
Lehena. CNI Espainiako inteligentzia zerbitzuetako kideak izatea egotzi die Venezuelako Gobernuak. Ez da oso sinesgarria CNIk, gobernuaren oniritziarekin, Venezuela armen bidez ezegonkortzeko saiakera batean parte hartzea; onartuta ere mundu osoko gobernuek ez dutela beti jakiten, operazioa bukatu arte, inteligentzia zerbitzuetako kideak zertan ari diren.
Bigarrena. Bi turista espainiar arruntak dira ezertan sartu gabe turismoa egiten ari direnak; eta Venezuelako Gobernuak, atxilotuta eta delitu larriak leporatuta, erabili egiten ditu Espainiako Gobernuarekin —Nicolas Maduroren garaipena ez onartzeagatik, eta oposizioko hautagai Edmundo Gonzalezi asiloa emateagatik— daukan harreman txarra tenkatu eta krisia areagotzeko. Hipotesi baztergarria.
Hirugarrena. Venezuelako Gobernuak uste du bi bilbotarrak —egindako mugimenduengatik, edukitako harremanengatik...— jarrera susmagarria eduki dutela Venezuelan, eta konspirazio bateko parte hartzaileak izatea leporatu die.
Azken hipotesiaren bidetik, adierazgarria atxilotuen ingurukoek protesta ozenagoa ez egitea.