martxelo otamendi

Bihotzeko zirujaua Iranen

2024ko uztailaren 11
05:00
Entzun

Ziklikoa bihurtzen ari da Irango sistema politikoa leuntzearen aldekoek presidentetzarako hauteskundeak irabaztea. Txandaka ibiltzen dira sistema politikoaren bi joerak; batean sistema politikoa ireki nahi dutenek irabazten dute, erreformistek alegia; eta bestean ultrakontserbadoreek, ezer aldatzeko asmorik ez, eta orain arteko bidetik milimetro bat ere urrundu nahi ez dutenak.

Erreformazale kontzeptua elastikoa da Irango hiztegi politikoan. Ortodoxoek, ezer aldatu nahi ez dutenek, erlijioa oinarri daukan sistema politikoa ahultzea leporatzen diete erreformazaleei, Mendebaldera gehiegi begiratzea, alegia. Aitzitik, erreformazaleek uste dute ortodoxoek galbidera daramatela Iran, interkonektatuta dagoen munduan erreformarik txikiena ere egin nahi ez dutelako.

Uztailaren 5ean egin zuten Irango presidentea aukeratzeko hauteskunde aurreratuen bigarren itzulia, helikoptero istripuan maiatzean hil zen Ebrahim Raisi presidentearen hutsunea bete beharra baitzegoen. Masoud Pezexkian erreformazaleak irabazi zituen hauteskundeak, aspaldiko ezaguna Irango politikan: Mohamed Jatami presidente erreformazalearen gobernuan Osasun ministroa  izan zen 2001-2005eko aldian, eta parlamentuko lehendakariordea 2016-2020ko tartean.

Bihotzeko zirujaua da lanbidez Pezexkian, lanean ikasitako zientzia guztia beharko du, eta anestesia dosi handiak, iraultzaren arranoak baretzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.