Ez da ahalegin handirik egin behar Joe Biden presidentearen kezkarekin bat etortzeko: Etxe Zuritik erabat joateko Piztia noiz etorri atarian zain dagoen honetan, azken mintzaldian kezka adierazi du herrialdean sekulako indarra hartzen ari den «oligarkia teknologikoa» dela eta. Demokraziari kalte egin diezaiokeela salatu du. Ahaztu egin zaio Bideni palestinarrak txikitzeko ahaleginean Israeli emandako laguntza politikoak, ekonomikoak eta militarrak ere kalte handia egin diotela demokraziari.
Hiru erabaki eztabaidatsu hartu ditu Bidenek azken egunotan.
Lehena. Iragan abenduan, aurretik emandako hitza janez, indultatu egin zuen bi deliturengatik zigortuta zegoen Hunter semea.
Bigarrena. Presio handia sartu du Israelen eta Hamasen arteko akordioa bere agintaldia amaitu baino lehenago irits zedin. Israel akordiora bultzatzeko, 8.000 milioi dolarreko arma salmenta onartu zuen Bidenek hilaren hasieran. Ezin zion goxokia Donald Trumpi utzi.
Hirugarrena —eta erridikuluena—. Bidenek «nazioarteko terrorismoa» babesten duten estatuen zerrendatik kendu berri du Kuba, noiz eta urte asko igaro direnean Erdialdeko Amerikako azken gerrilla desegin zenetik. Barack Obamak 2015ean Kubarekiko harremana leundu zuenean, atera egin zuen madarikatuen zerrendatik. Trumpek ostera sartu egin zuen 2021ean, eta orain Bidenek atera.