Lehenengo eta behin, zutabegile honek errukia adierazi nahi die bera bezala ordu txikietan AEBetako presidente Joe Bidenen prentsaurrekoa ikusteko lana hartu zutenei. Ez ahal da zutabegile hau izango ikusi zuen bakarra!
Jakin-min handia zegoen Biden bekadunak emango zuen itxura ikusi eta aztertzeko —atzoko prentsaurrekoak antz handia zeukan lan deialdi batera aurkeztu denari egiten zaion ahozko azterketarekin—, azken asteotan AEBetan azaroan egingo diren hauteskunde kanpainan agertu den ustekabeko asteroidea baita Bidenen egoera fisiko eta mentala. Begiztatzen ditut mundu osoko ehunka neurologo atzoko prentsaurrekoa ikusten, Bidenen egoera, xehetasunik galdu gabe, zuzenean aztertzen: zenbat aldiz tronpatu den, zenbat bider geratu den trabatuta, zenbat izenekin nahastu den...
Patetikoa. Baina Biden da antzerki honetan patetikoaren rola jokatzen ari den bakarra, edo auzia segitzen dugunok ere ari gara gure babarrun alea jartzen —Tolosakoa bada, hobe—?
Zerk sortzen du atsekabe handiagoa, Bidenen osasun egoerak berak edo, ingurukoek gero eta indar handiagoarekin eskatzen diotenari muzin eginez, kosta ahala kosta hautagaitzari eusteko daukan jarrera tematiak? Okerrena da demokratek hauteskundeak galduta dauzkatela, Bidenekin edo haren ordez jar dezaketenarekin.
Donald Trump da antzerkiaren bukaeran txalo egingo duen bakarra.