Hogeita hamar urtetan, hartara jarrita, bost hizkuntza ikas daitezke. Bost urte hizkuntza bakoitzeko, eta bi hizkuntzaren artean urte sabatikoa hartuta. Hori adimen normala daukan edozein herritarrek egin lezake, baina Bilboko Guggenheimeko zuzendari Juan Ignacio Bidarteren adimena edukita, epe berean zortzi ikas litezke; tartean sanskrito klasikoa eta Marten 50 urte barru hitz egingo den martera.
Atzo jakinarazi zuen Bidartek utzi egingo duela Guggenheimeko zuzendaritza, ordubete iraun zuen eta erabat gaztelaniaz —hasierako «Egun on eta mila esker etortzeagatik», eta bukaerako «eskerrik asko» salbu— egin zuen prentsaurrekoan. Hogeita hamar urteren ondoren!
Guggenheimeko zuzendari izan den hiru hamarkadotan berarekin gaztelaniaz hitz egitera behartu ditu Bidartek museoko arlo arduradunak, langileak, soldata ordaintzen dioten erakundeetako arduradun politikoak, kazetariak, artista euskaldunak…
Haren postua hartuko duenak euskaraz jakin beharko ote lukeen galdetuta, erantzun zuen irizpide garrantzitsua izango dela, baina ez ezinbestekoa. Frustrazio bat aitortu zuen, Gernika koadroa museora ekarri ez izana. Eskertu beharko diogu adarra jo ez izana esanez euskara ez ikastea bere frustrazioetako bat izan dela.
Kontratatuko dute Guggenheimen japonieraz edo alemanez bakarrik dakien bat, munduko zuzendaririk onena izanda ere? Edo gaztelaniaz jakin beharko du?