Ez dabil Emmanuel Macron bere une politikorik gozoenean. Pentsioen erreformen aurkako protesta sutsuen —suzkoen hobeto esanda— kea desagertzen hasi zaionean, barrikada parlamentarioa eraiki zion herenegun kolore guztietako oposizioak Asanblea Nazionalean. Itxuraz, betoa Frantziako Barne ministro Gerald Darmanini ezarri zioten, Asanbleak uko egin ziolako ministroak indar handiz sustatu duen Asilo eta Immigrazioa Lege proiektua eztabaidatzeari berari; baina Macronen izena eta helbidea daramatza oposizioak bidalitako gutunak.
Porrot politikoaren eta pertsonalaren ondorioz, ministroak bere burua dimisioa ematera behartuta ikusi du, baina Macronek dimisioa onartu ez, eta akordioaren alde lanean segitzea agindu dio. Meritua dauka Darmaninek, ezkerreko eta eskuineko oposizioa batu baitu; murriztailea da legea lehenentzat, bigunegia bigarrenentzat. Bi aldeei keinu bana eginez, ezina lortu nahi zuen lege berean: deportazioa paperik gabeko migranteentzat, eta laguntzak paperak zeuzkatenentzat. Eskuin muturreko RNko diputatuekin akordioa egiten saiatuko da Darmanin, inkestek adierazten diotelako herritar gehienak neurri gogorren aldekoak direla.
Urruti daude Frantziako presidentetzarako hauteskundeak —2027an izango dira—, baina oposizioko alderdiak hasi dira hautagai izateko asmoa eduki dezaketenen aurka egiten.