martxelo otamendi

Berandu dabil EHU

2024ko urriaren 2a
05:00
Entzun

EHUko Zuzenbide Fakultateko Bilboko Sailean aldi baterako kontratatutako irakaslearen jokabide onartezinak sutan jarri ditu, arrazoi guztiarekin, ustezko irakasle horren ikasleak, fakultatekoak, eta EHUkoak orokorrean. Pentsatzekoa da EHUko irakasleak, hala nola unibertsitateko bestelako langileak ere, suminduta egongo direla.

Delako ordezko irakasleak sareetan idatzi eta delitua izan daitezkeen mezuen berri jakin bezain fite jarri zituzten EHUko zuzendaritzaren esku, ikasleek zehaztu dutenez. Unibertsitateak neurririk hartzen ez zuela ikusita, elkarretaratzea egin zuten fakultatean, arazoa ikusarazteko. EHUren erreakzioa ikusita, badirudi larriagoa iruditu zaiela ikasleen kontzentrazioa kolatu zitzaien irakaslearen mezuak baino.

Ulergarria da EHUk ez praktikatzea maccarthysmoa irakasleak kontratatu behar dituenean, ez litzateke zuzenbidezkoa. Baina behin satorra sartuta, azkarrago hartu beharko zituzkeen erabakiak, elur maluta bola handia bihurtu aurretik. Horren ezinezkoa al da krisi kabinete bat osatu, behar diren azterketak egin, eta, barne arauak eskatzen dituen bermeak urratu gabe, erabaki azkar bat hartzea? Bateraezinak dira sendotasuna eta bermeak? Garrantzitsuagoak dira irakasle arrazistaren eskubideak ikasleenak baino?

Gainera —horrela jokatzen du patuak—, ez da gertatu, adibidez, Arkitektura Fakultatean, baizik eta biharko legelariak prestatzeko ardura daukan eskolan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.