martxelo otamendi

Begi bustiak EAJn

2025eko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zergatik azpimarratu dute asteburu honetan buruzagi jeltzaleek horren modu errepikakorrean Donostian egindako Batzar Nagusian alderdia batuta dagoela, kanpotik begiratuta zatiketa arrastorik inon ikusten ez bada? Hala lehendakaritzatik irten den Andoni Ortuzarrek nola sartu berria den Aitor Estebanek horrenbeste bider esan badute alderdia zeharo batuta dagoela, izango dute arrazoi sendorik horrela jokatzeko. Edo ez dago horren batuta eta komeni da mezu hori zabaltzea, gainaktuazioaren ondorioz arazorik ez dagoen lekuan arazoa sortzeraino?

EH Bilduk, PSEk eta PSNk egin berri dituzte beren batzar nagusiak, eta inongo batzar nagusitan ez dugu entzun esaten alderdiak batuta daudenik. Horretarako beharrik ez zegoelako.

Begiak bustita ikusi genituen Ortuzar eta Esteban, lehenak bigarrenari aginte makilarekin batera EBBren buruzagitza eman zionean, guztiz ulergarria dena horrelako ekitaldietan. Unearen zirrara humanoaren ondorioz bakarrik busti zitzaizkion begiak Estebani —aitortu zuen inoiz ez zuela uste izan ardura hori hartuko zuenik—, edo alderdiak azken hauteskundeotan jasan duen boto galerak ere izan zuen eraginik, alegia, alderdi garaiezina izatetik menderagarria izatera pasatu den alderdia hartu duela, eta egoera hori irauli behar duela?

Nahi adina lan edukiko du EBBko lehendakari berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.