martxelo otamendi

Bayrou, hari batean

2025eko otsailaren 5a
05:00
Entzun

Bizitza osoa inbertitu du Frantziako lehen ministro izateko, eta ez dakigu, iazko abenduan Matignongo maizter bihurtuta, zenbat denbora iraungo duen karguan. Frantziako eskuina indartsua zenean, eta politikan eskuina-ezkerra polarizazio handia zegoenean, François Bayrou zentroko alderdi txiki bateko buru nekaezina zen: UDF. Bizi duen egoera ezegonkorraren erakusgarri, sigla dantza handia egon da azken hiru hamarkadotan Frantziako politikan. Bayrouk ere egin zion aldaketa izena higatuta zeukan zentroko alderdiari: UDF izena utzi, eta Mugimendu Demokrata jarri zion.

Aurrekontuek bota zuten gobernutik aurreko lehen ministroa, Michel Barnier, eta haren ordez Bayrou izendatu zuen Emmanuel Macron presidenteak. Ez dira falta Frantzian Bayrouren ordezkoa bilatzen hasiak direnak; aurrekontuak adosteko Asanblean nahikoa babes lortu ez, eta konstituzioak aurreikusten duen giltzaz —49.3 artikuluaz— baliatu da 2025eko aurrekontu publikoak onartzeko. Hau da, biderik azkarrena aukeratu du Bayrouk denekin haserre bukatzeko. 

Bayrouren aurkako zentsura mozioa iragarri du Frantzia Intsumisoa ezkertiarraren buru Jean-Luc Melenchonek, baina sozialistek ez dute mozioa babestuko, eta erabaki bera aurreratu dute lependarrek. 

Badakigu Bayrouk, oraingoz, segituko duela. Ezkerraren batasunak ere segituko du?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.