martxelo otamendi

Barrionuevoren ukiezintasuna

2025eko martxoaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezer ez zitzaiola gertatuko oso seguru egon behar zuen 1982tik 1988ra Espainiako Barne ministro izan zen Jose Barrionuevok 2022an Espainiako komunikabide batean aitortzeko erantzukizuna eduki zuela ETAren aurkako gerra zikinean. Barne ministro zen GALek —1983tik 1987ra— iraun zuen bitartean.

ETArekin inolako loturarik ez zeukan Segundo Marey hendaiarraren bahiketa agintzeagatik hamar urteko kartzela zigorrera zigortu zuten Barrionuevo, ministerioko bigarrena zen Rafael Verarekin batera. PSOEkoak izan arren, PPko gobernuak indultatu zituen kartzelan hiru hilabete eskas igarota: estatu gizonak ziren, eta estatu operazioa egin zuten zigortuak kaleratuta.

GALen hemezortzi biktimek eta senideek Barrionuevoren aurkako kereila jarriko dute aurki Espainiako Auzitegi Nazionalean, Egiari Zor fundazioaren eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren eskutik; gizateriaren aurkako delituak egitea leporatuta.

Asko dakielako esan dezakeenaren beldur, bigarren estatu operazioa egingo dute berriro Barrionuevorekin? Eta, 2016an GAL «probetxugarria» izan zela eta «zeregin praktikoa» zeukala esan zuen Rafael Vera bezala, zigortu gabe utziko dute Barrionuevo?

Diktaduran gertatutakoa ikertzea, epaitzea eta zigortzea oso serio hartu duen Argentinan egon bagina, urteak eramango zituzkeen Barrionuevok kartzelan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.