Erakunde legegileek nazioaren egoeraren eztabaidarekin hasten dute urte politikoa. Gurean, legebiltzarretan eta aldundietan egiten dute, beste modu batera esanda, politika orokorrari buruzko eztabaida... Irailean izaten da, eta gobernuburuak hasi berria den urte politikoko lerro nagusiak azaltzen ditu, oposizioaren kritikapean. Ohikoa da erakundeburuaren mezuak bi alde edukitzea: praktikoa, jateko kontuak, eta ideologikoa.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak, asteazkeneko mintzaldiaren parte ideologikoan, erabakitzeko eskubidearen defentsa egiteaz gain «instituzionalizatzea» proposatu zuen. Alegia, denok ulertzeko moduan esanda, halako batean berrituko den Autonomia Estatutuak eskubide hori bermatu beharko lukeela. Bere gobernukide sozialistek, asko larritu gabe, gutxietsi egin dute Mendozaren proposamena, jeltzaleen matraka dela pentsatzen duenaren aurpegia jarrita.
Norekin dauka asmoa Mendozak eskubide horren aldeko lana egiteko, hauteskundeak irabazi ez eta erakundearen lehendakaritza era legitimoan hartzen lagundu ziotenekin, hau da, PSErekin eta PPrekin? Edo EH Bildurekin, hauteskundeak irabazi zituen eta eskubide horren alde egiten duen taldearekin? Bigarren aukeran, orain Gipuzkoako Batzar Nagusietan dagoen baino gehiengo handiagoa bilduko lukete.
Norentzat zen Mendoza subiranistaren mezua, Gipuzkoako herritarrentzat edo alderdiarentzat, hau da, barne kontsumorako?