martxelo otamendi

Balenciaga, urperatzeko arriskuan

2024ko abenduaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Askotan errepikatzen den eskema bat da, enpresen ekonomiaren alorrean gabiltzanean. Enpresa baten jabe eta arduradunek —kudeaketa txarra egiteagatik batzuetan, eta merkatua oso lehiatsua jarri delako besteetan— negozioa ixtea erabakitzen dute, arindu ezinezko zorrak metatu zaizkiela argudiatuta. Langileek, aitzitik, uste dute enpresa bideragarria dela, eta kudeatzaileen lan txarrari egozten diote porrota.

Eskema hori bera hartu du Zumaiako Balenciaga ontziolako etorkizunaren auziak: patroiek diote ez dagoela zer eginik, eta eskifaiak esaten du bideragarria dela ontziola kudeaketa ona eginez gero. Bi jarrera desberdin, bateraezinak ematen dutenak.

Horrelako kasuetan derrigorrezkoa izan beharko luke aditu talde batek —langileen ordezkaritza eta erakunde publikoak ere partaide direla— enpresaren egoera eta bideragarritasuna serioski aztertzea: merkatuan dagoen konpetentzia, produktuaren interesa, enpresaren eraketa eta produktua aldatzeko gerria, finantzaketa, langileen formakuntza… Luzea da zerrenda. Lantaldeak enpresari eusteko borondatearekin abiatu beharko luke, eta itxi ez dadin beharrezkoak liratekeen aldaketak egiteko prestasuna eduki beharko lukete denek.

Asko dago jokoan Balenciagarekin: 71 langile zuzenean, eta ehunka batzuk zeharka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.