Badakigu nork hartuko duen boto emaileen adarkada bihar Frantziako Asanblea Nazionalerako entzierroan: Emmanuel Macronek. Gaizki, oso gaizki, atera zaio hauteskundeak aurreratzeko estrategia, baina emaitza okerragoak atera zitzakeen legealdi bukaera arte itxaronda.
Hala ere, euskaldunon ikuspegitik, berrikuntza pozgarria ekarri dute hauteskunde hauek. Marine Le Penek gidatzen duen Batasun Nazionalak hauteskundeak irabazteko aukerak bat eginda aurkeztera behartu ditu Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ezkerreko alderdiak. EH Bai, lurraldean daukan indarra baliatuta azkarki jokatu, eta bildu egin zen Fronte Popular Berria ezkerreko koaliziora.
Hiru euskal barrutietako batean, seigarrenean, Frontearen zerrendaburu izan zen lehen itzulian EH Baiko Peio Dufau, eta irabazi egin zuen, botoen %30 eskuratuta. Lehia handiko bozketa izan zen barruti horretan, lehen hiruren artean oso tarte txikia geratu baitzen: bigarrena, %27rekin, Christian Deveze macronzalea izan zen, eta, ondoren, Le Penen alderdiko Victor Lastecoueres, %26rekin.
Dufauk bihar ostera irabaziz gero, ezker abertzaleak Parisen edukiko duen lehenengo diputatua izango litzateke, eta lehen abertzalea hamarkadetan. Kalte edo mesede egingo dio Dufauri bigarren eta hirugarrenaren arteko borrokak?
Dufauk irabazi edo ez, EH Baik ez dio sekula nahikoa eskertuko Macroni legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu izana.