Ederki asmatu du Korrikak 23. edizioko omenaldia Azterketak Euskaraz ekimenari eginda, ederki merezia, Ipar Euskal Herriko panoraman dagoen berrikuntzarik interesgarrienetakoa baita. Urteak daramatzate ikasleek, irakasleek eta gurasoek oinarrizko eskubidea dena eskatzen, erran nahi baita, ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleek euskaraz egitea Frantziako hezkuntza sistemak ikasleei ziurtagiria lortzeko ezartzen dizkien azterketak, brebeta 15 urterekin eta baxoa 17rekin. 2024. urtean horrela ibili behar izatea.
Ipar Euskal Herriko eta Okzitaniako hezkuntza eragileek salatu dute norberaren hizkuntza gutxituan normaltasunez ikasteko eskubideari inposatzen zaizkion oztopoak ez direla Parisen erabakitzen, baizik eta mende honetako zentralismorik trinkoena ordezkatzen duen Bordeleko akademiako errektore Anne Bisagni-Faureren bulegoan.
Azterketak Euskaraz taldeko ikasleak berak dira, era guztietako ekintza irudimentsuak antolatuta, protesta horien aurpegi berritzailea eta itxaropen sortzailea. Mota askotako ikasgaiak ikasiko dituzte ikasle horiek ikastetxeetan, baina seguru gehien motibatzen dituen ikasgaia hezkuntza curriculumean aurkituko ez dugun bat dela: haien eskubideen aldeko eskolaz kanpoko ikasgaia. Ikasgai hori ez du, zoritxarrez, PISAk ebaluatzen.