Bete egin da iragarpena, eta Austria ere batu da Europan gero eta kide gehiago daukan eskuin muturraren taldera. Austriaren aurretik beste herrialde europarretan irabazi duten alderdi muturrekoen proposamenekin kopiatu eta itsatsi eginda irabazi zituen hauteskundeak igandean FPO alderdiak, botoen %29rekin: migrazioa, islama, LGTB, txertoak... Arrakastaren formula da, garaipenerako tiketa, herrialde batetik bestera errepikatzen dena herritarren onarpen handiarekin. Europako Parlamentuan eskuin muturrekoak dira diputatuen laurdenak.
Eskuin muturraren big bang-a non dagoen topatzea, alegia hedapenaren zero kilometroa, ez da erraza izango, baina ez da oso urruti ibiliko 2016ko azaroan Donald Trumpek AEBetako hauteskundeak irabazi zituen egunetik. Orduz geroztik aktibatu dira eskuineko alderdi historikoen barruan lozorroan zeuden taldeak, matrizetik bereizi eta ibilbide propioa egiteko.
Data horretatik aurrera, egun asko igaro zituen Europan Trumpen garaipenaren arkitektotzat jotzen den Steve Bannon ideologoak, batean eta bestean eskuin muturraren arrakastaren haziak aldatzen. Igandean loratu zen Austriakoa.
Ez dirudi Austrian, irabazi arren, FPO ultraeskuindarrak gobernua hartuko duenik, beste alderdiek argi adierazi dutelako bakartu egingo dutela eta ez dutela inongo akordiorik egingo Herbert Kickl irabazlearekin.
Kontsolamendurako balio dezake, baina ez arazoaren larria ezkutatzeko.