Duela hamar urte egin zen Katalunian Generalitateko orduko presidente Artur Masek deitutako herri kontsulta. Kataluniako Etorkizun Politikoari Buruzko Prozesu Parte Hartzailea esan zioten galdeketari. Erreferenduma egiteko baimenik ez, eta izen ofizial hori eman zioten kontsultari.
Galdeketa gehien-gehienetan galdera bakarra egiten zaie herritarrei, A-9koak bi zeuzkan. Lehena, Nahi al duzu Katalunia Estatu bat izatea? Bigarrena, Baiezkoa eman baduzu, nahi al duzu Estatu hori independentea izatea? 2,3 milioi herritarrek hartu zuten parte, eta %80k baiezkoarekin erantzun zieten bi galderei.
Ez zitzaion merke atera Masi, gutxik espero zuten ausardia eta konpromisoa erakutsita deitu zuen erreferendumera. Kataluniako Auzitegi Nagusiak 2017an bi urteko inhabilitazioa ezarri zien Artur Masi eta hiru kontseilariri, eta 2018an 4,9 milioi euroko isuna ezarri zien Kontu Auzitegiak galdeketa diru publikoarekin ordaintzeagatik. Herritarrek emandako diruarekin ordaindu zuten isuna.
Masek irabazi egin zituen, CiUk eta ERCk koalizioa osatuta, 2015eko hauteskundeak. Ezagunak ziren ordurako CiU harrapatuta zeukaten Jordi Pujolen garaiko ustelkeria kasuak (Palau, IAT…). Eskandalu horiengatik CUPi ezinezkoa zitzaion Mas presidente egitea, eta «Historiaren paperontzira» bota zuen, literalki.
Gertatutakoak gertatuta, zuzen jokatu al zuen CUPek Mas politika aktibotik aterata?