martxelo otamendi

Arkotxa, estatu gizona

2025eko apirilaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Udalbiltzako lehendakaria izan zen garaiko pozik handiena emango zion lorpena izango zen seguru asko, baina Atlantako aireportuko poliziak eragotzi egin zion gertakizun garrantzitsu haren lekuko izatea. 2002ko martxoa zen, eta Idahoko Ordezkarien Ganberan eta Senatuan ebazpen bat onartzear zeuden, ETAri bukatzea eskatzeko, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei Euskal Herriko autodeterminazioaren eskubidea errespetatzea galdegiteko. Loren Arkotxa ez zen urruti ibili erabaki haren aurrelanetatik, eta, aurrera aterako zela ziurtatuta, Boisera abiatu zen.

Arkotxa Atlantako aireportura iritsi, eta kontroleko poliziak ukatu egin zion sarrera AEBetan. Arkotxak debekuaren arrazoia eskatuta, poliziak erantzun zion fitxaren informazioaren arabera aurreko egonaldian AEBetan legeak baimentzen zituen hiru hilabeteak baino denbora luzeagoan egon zela, eta ez zela sartuko. Alegia, Ondarroara itzultzeko.

Alferrik izan zen Arkotxak esatea herri bateko alkatea izanda ezinezko zela herritik kanpo hiru hilabete igarotzea. Espainiako Poliziak eskatuta, AEBetako Poliziak manipulatu egin zuen Arkotxaren fitxa, eta Atlantako aireportuko poliziak gezurra irentsi egin zuen.

Disgustu handia hartu zuen Arkotxak, baina erresoluzio historikoa onartu egin zuten Idahoko bi ganberek, Javier Ruperez Espainiako enbaxadorearen ahalegin zapuztaileen gainetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.