martxelo otamendi

Argi gorriak kantzilergoetan

2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

Ez dira oraindik itzali mundu erdiko kantzilertzetan igandean piztu ziren argi gorriak, lurrikara politiko handia sortu baitzuten Irango presidente Ebrahim Raisi zihoan helikopteroa desagertu egin zela zioten lehen albisteek. Inguru geopolitiko horri are egoera kezkagarriagoan jartzeko falta zitzaion osagarria izan baitzen Raisi galtzea. «Besterik ez genuen behar», esango zuten gobernuburu askok lehen une horietan.

Bi hipotesi nagusitu ziren lehen momentuan: istripua edo nahita eragindako heriotza. Irango Gobernuak eguraldi txarraren ondoriozko istripua izan zela jakinarazi zuen arte, inork ez zuen baztertzen atentatuaren hipotesia; oso giro beroa dagoen xake taula horretan orain arte jazo gabeko erasoak ikusita baikeunden azken hilabeteetan. Baina gauza bat da AEBek eta Israelek Irango armadaren komandante entzutetsuak hiltzea, eta Iranek misil batzuk jaurtitzea Israelera, eta beste bat, oso desberdina, bi horietako batek Irango presidentea edo Israelgo agintari politiko nagusia hiltzea.

Beste hipotesi batek, aurrekoak baino indar txikiagoarekin, Irango barruko oposizioaren atentatua izan zitekeela zioen, azken urteotan erreforma politikoen aldeko manifestazioak antolatzen jardundakoen aurkako errepresioa oso gogorra izan baita Iranen. Azkenak, 2022ko irailean, emakumeek bere eskubideen alde egindakoak.

Istripuaren tesia nagusituta, arnasa aldi baterako hartzeko moduan daude Ekialde Hurbileko gatazkan zuzenean edo zeharka sartuta dauden gobernuak, nahiz presidente berriaren aukeraketa prozesuak berak ere nahiko mugituko dituen kanpoko eta barruko liztor habiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.