PSCren presidentegai Salvador Illa lasaiago geratuko da, hauteskundeak irabazita, bigarrena ERC geratzen bada eta ez Junts. Hartara ERCk errazago edukiko luke nola edo halako akordioa egitea PSCrekin: Illaren inbestidura, ezkerreko koalizio gobernua, sartu gabe kanpotik babesa ematea…
Illari garaipena mikaztuko zaio Carles Puigdemont bigarrena bada, kolaborazio aukerak asko murriztuko zaizkiolako Pere Aragones ERCren zerrendaburuari. Bigarrenaren eta hirugarrenaren arteko eserleku aldea erabakitzailea izango da bi alderdi subiranistek sozialisten gobernua baldintzatzeko edo errazteko edukiko duten gaitasunean.
Juntsek lauzpabost aulkiren aldea ateratzen badio ERCri, zaila edukiko du ERCk akordioa egitea PSCrekin. ERC Juntsen aurretik geratzen bada, Aragonesek eskuak libreago edukiko ditu PSCrekin akordioren bat egiteko, Junts joko zelaitik kanporatuta.
Kanpaina hasi aurretik hordagoa bota zion Puigdemontek Pedro Sanchezi: bihar bigarrena geratzen bada, PSCk Puigdemont presidente izatea erraztu beharko luke, Juntsek eusten diolako Sanchezi Espainiako presidentetzan. Sozialisten isilpeko erantzuna: Puigdmonti amnistia erraztu diote, eta nahikoa dauka horrekin.
Biharkoaren ondorio bat, Illa presidente bada: Aragonesek eta Puigdemontek erretiro politikoa hartzea. Subiranismoaren erregenerazioa erraztu beharko luke.