PPko eta Voxeko diputatuen aurpegiek adierazten zuten haserrearen parekoa zen Juntseko eta ERCko diputatuen aurpegiek erakusten zuten poza. Atzo, Espainiako Kongresuak Amnistiaren Legea onartu zuen betiko, Espainiako auzitegiek Kataluniako independentzia prozesuaren arduraduntzat jo zituen laurehun inguru independentziazaleen aurka abiatutako errepresio juridikoari —espetxea, erbestea, zigor ekonomikoak…— amaiera ematea helburu duena. Haiekin batera, urriaren 1ean errepresioa eragin zuten 73 polizia ere amnistiatuko ditu legeak.
«Indultuak bai, emango dituzte, baina amnistiarik ez da inoiz izango» urteetan esan dugunoi, gertatutakoak erakusten digu konstantziaren eta aurrenekoan amore ez ematearen garrantzia, eta, aurrekoa bezain eraginkorra, aukerak baliatzen jakitearena.
Amnistia lortzea zaila izan bada, ez da samurragoa izango amnistiaren aplikazioa joatea legeari babesa eman dioten alderdiek nahiko luketen bidetik. Eskuineko diputatuen oposizioa gaindituta, auzitegi batzuen oztopo juridikoen lasterketa abiatuko da, Auzitegi Gorenarena bereziki. Magistratu horiek maila juridiko baxuagoa daukaten indultuekin sutan jarri baziren, atera kontu amnistiarekin.
Egunen batean aitortuko zaio egindako lana legearen testuari azken orrazketa juridikoa egin dion euskal legelariari: damaskinatu juridikoa.