Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapateroren garaian —2010. urtean— eskualdatu zuten teorian Kataluniako aldiriko trenen eskumena Espainiako Gobernutik Generalitatera. Hamabost urte igaro dira, eta ezer ez da aldatu tren horien kudeaketan; Renfek segitu du trenen zerbitzua antolatzen —trenak eta ordutegiak—, eta Adifek azpiegituren ardurarekin jarraitu du —trenbideak, geltokiak…—. Zer egin du urteotan Generalitateak? Kexatu, eskumen aldaketa ez zelako benetakoa izan; baina ez da sekula eskaeren zerrendan lehen postuan egon.
Sant Jaume plazatik independentziazaleak irten eta sozialistak itzuli arte, Madrilek ez du eskumena katalanizatu nahi izan.
Iritsi da behingoz benetako eskualdaketa egiteko ordua. Hau da, urteetan luzatuko den prozesu baten ondorioz, Espainiako Gobernuak eta Generalitateak osatuko duten enpresa publiko mistoak hartuko du aldiriko trenen zerbitzuaren kudeaketa, Renfe eta Adif Kataluniako aldirikoetatik desagertuta. Enpresa misto berriak Rodalies de Catalunya izena edukiko du, eta Generalitateak kalitatezko botoa edukiko du.
Renfen eta Adifen gehiengoa daukaten sindikatuek —CCOOk, UGTk, CGTk…— ez dute begi onez ikusten eskualdaketa, ez dutelako Generalitateko langile bihurtu nahi, eta zazpi greba egunetara deitu dute.