Talgori «tren frankista» esaten genion soldaduska Madrilen egiten genuen hainbat gaztek, trena hartzen genuen aldiro.
Albiste ona izan da Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak, BBK-k eta Vitalek osatu duten taldeak Talgo erosi izana. Are hobea egoitza soziala eta fiskala —txin-txin, diruaren hotsa— Arabara ekartzen badituzte. Poztuko da herrialde horretako Ogasun diputatua. BBK eta Vital operazioan sartuta, zergatik ez da Gipuzkoako Kutxa sartu?
Talgok izenean darama enpresa sortu zutenen identifikazioa: Tren Articulado Ligero Goicoechea Oriol da Talgo. Nor izan zen zoritxarreko Alejandro Goikoetxea Omar ingeniaria, Jose Luis Oriol Urigüen enpresariarekin Talgo sortu zuena? Francoren estatu kolpearen ondorengo gerran Bilboren defentsarako Burdinazko Gerrikoa deritzona taxutu zuten Eusko Gudarosteko hiru militar nagusietako bat izan zen, kapitain graduaziokoa.
1937ko otsailaren 27an, Goikoetxea Bilboren defentsaren planoak hartu eta frankisten bandora igaro zen; defentsaren puntu ahulak frankistei jakinarazita, azkartu egin zuten erasoa. Gerra horretako traiziorik handienetako bat izan zen. Traizioaren ordain, erraztasun guziak eman zizkion Francok Goikoetxeari, Talgo tren enpresa gara zezan.
Traizioaren biktimen ondorengo politikoen esku dago trenari izena aldatzea. Errespetuagatik.