Poz handiarekin hartzen du zutabegile honek —eskuinerako joera ia geldiezinak ia mundu erdia hartuta daukan garai kezkagarriotan— Hego Amerikako zenbait herrialdetatik buru makur dagoen Europara iristen den aire politiko freskoa. Aurkako norabidean doaz bi kontinenteetako politikak: ezkerrera pixkana Hego Amerikan, eskuin muturrerantz Europan. Duela hamarkada batzuk alderantziz zen.
Azken ufada politikoa Uruguaitik etorri da, igandean egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak ezkerreko hautagai Yamandu Orsik irabazi zituelako —alde txikiarekin, egia aitortuta—. Boterean dagoen eskuineko Luis Lacalle presidentearen aldeko hautagai Alvaro Delgadori lau punturen aldea atera dio Orsik. Osasun egoera kaxkarrean egonagatik, esku hartze aktiboa eduki du Orsiren kanpainan azken urteotan Hego Amerikako ezkerreko politikaren erreferente nagusietako bat den Pepe Mujica presidente ohiak.
Kostata baina ari da Hego Amerikako ezkerra gero eta gobernu gehiago irabazten. Arazoa da, behin irabaziz gero, kosta egiten zaiola gobernuan segitzea, gutxi irauten dutelako boterean. Brasilen Jair Bolsonarok kendu zion garaipena ezkerrari 2019-2022 tartean, eta Luis Lacallek Uruguain 2020-2024 aldian.
Ikusiko dugu Txileko presidenteak, Gabriel Boricek, errepikatuko duen garaipena 2026ko hauteskundeetan.