Alderdien batzarren azpimarrarekin dator Kataluniako egutegia, bi hilabeteotan Juntsek eta ERCk batzarrak baitauzkate; urriaren bukaeran lehenak eta hilabete geroago bigarrenak. Hori da Kataluniako politika geldirik egotearen arrazoietako bat, ezen ez nagusia. Espainiako politika ere independentismoaren bi alderdi nagusiek batzarretan erabakiko dituzten estrategien zain dago; Juntsen kasuan batik bat, Pedro Sanchezen gobernuak Juntsen botoak ere behar baititu Kongresuan legeak onartzeko. Iraileko mareak ERCn, itsaso barea Juntsen.
Non dago CUP? Izan da hilabeteotan katalanei alderdiaren absentziaz kezkatuta egindako galdera, eta erantzuna, ironia ukituarekin, askotan entzundakoa izan da: «Bere burua birpentsatzen, beti bezala». Asteburu honetako batzarrarekin bukatu du CUPek hilabeteotan militanteak gogoetan murgilduta eduki dituen prozesua. Lasai joan da batzarra, eta txosten politikoak cupaireen %82ren babesa jaso du.
Independentziaren aldeko prozesuaren urteetan gorakada handia eduki zuen CUPek, eta oso egiteko garrantzitsua jokatu zuen, bisagra lana egin baitzuen alderdi independentziazaleen artean, independentzia eduki sozialez betetzeaz gain. Prozesuaren porrotaren biktimetako bat izan zen CUP, emaitza txarrak kateatu ditu hauteskundeetan, eta azken urteak desagertuta igaro ditu.
Onartutako txostenak dioenez, «erakunde publikoak berrartzeko» asmoarekin itzuli da CUP.