martxelo otamendi

Afaria ematea debekatu?

2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Piramide sozialaren oinarria baino baxuago dagoen solairu ilunean bizi direnekin egiten dute lan, elkartasun hutsez; pateretan iritsi berriak, dauden egoera penagarritik ezin atera eta irtenbide bakarra alkohola eta droga daukaten gazteak dira. Zokoaren zokoan daude.

Donostiako Udalak —udaltzainek ahoz adierazita, eta paper ziztrin bat ere eman gabe— debekatu egin die afari solidarioak egiten dituztenei Egia auzoan afari horiek eskaintzea, afariak hartzen dituztenetako batzuek —minoria dira— istiluak sortzen dituztela argudiatuta. Egia da istiluak egoten direla tarteka. Udalak, baina, ez die solidarioei ordezko lekurik eskaini. Errazena egin du, debekua. Debekuak ez du arazoa konpontzen.

200 afaritik gora ematen dituzte egunero Donostian, hiru gunetan: Egian (100), Plaza Berrian (60) eta Anoetako futbol zelaian (60). Dozenaka lagun aritzen dira muxu truk lanean: dirua jarri, erosketa egin, afariak prestatu eta banatu.

Zer alde dago Mediterraneoan migrante txiroak itotzetik libratzen dituzten elkartasun itsasontziek egiten duten lan handiaren eta afari solidarioetakoek egiten dutenaren artean? Batzuek itsasoan ematen dutela afaria, eta besteek herriko plazan. Lehenek, merezimendu osoarekin, irudi ona daukate; bigarrenek, debekua.

Debekua ezarri duten erakundeetako arduradunek saria emango diete egunen batean, batere gorritu gabe. Eskerrak ez duten sariagatik egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.