Urrats historikoa egin dute Frantziako bi ganberetako kideek —Asanbleakoek eta Senatukoek— abortatzeko eskubidea Konstituzioan sartzearen aldeko botoa elkarrekin egindako saioan emanda.
Bi bider historikoa, bi ganberetako kideek osatzen duten Parlamentuan ia erabateko babesa eduki duelako proposamenak —780 alde eta 72 aurka—, eta Frantzia delako aurreneko estatua munduan abortatzeko askatasunari eskubide konstituzionalaren aitortza ematen. Ñabardura esanguratsua: testuan, zehazki, parlamentarien adostasun handiagoa lortzeko helburuarekin, «abortatzeko askatasuna» aitortuko zaie emakumeei, ez proposamenaren babesleek nahi zuten «abortatzeko eskubidea». Abortua legala egin zuen legea onartu eta 50 urtera sartu dute Konstituzioan.
Erabaki honek balioko dio Frantziari berreskuratzeko aspaldi galdu zuen «askatasun zibilen paradisua» izendapena. Alor horretan, duela hamarkada batzuk hartutako zenbait erabaki ausartek ez zuten segidarik izan eskubide berri batzuk onartzeko garaian, frantziarrek eskuinera jo zutelako.
Frantzia berandu iritsi zen gayen eta lesbianen ezkontzak eta adopzioak onartzeko. 2013an egin zuen hori, eta haren aurretik Europan zortzi estatuk —Espainiak 2005ean egin zuen— onartu zuten eskubide hori.