Lan handia, Suitzako erlojugile baten pazientziarekin, ari da egiten EH Batera plataforma alderdi abertzaleek Aberri Eguna elkarrekin egin eta, ahal bada, ospatu dezaten. Oso finkatuta daude azken hamarkadan alderdi bakoitzeko ekitaldiak: EAJk Bilboko Plaza Barrian egiten du, urte askotan Feria Azokan egin eta gero, EH Bilduk Iruñean, eta Bagirak aurten Uztaritzen.
EH Baterak pisu handiko ordezkaritza politikoa, soziala, sindikala eta kulturala bildu zuen Aberri Egun bezperan Bilbon egin zuen ekitaldian; helburu argi batekin: datorren urteko Aberri Egunean deialdi bateratua egotea. Iaz Donostian egin zuen ekitaldia, baina datarik jarri gabe.
Aberri Egun bateratua egiteko azken giltza —tartekako giltzen garrantzia ukatu gabe— arestian aipatutako hiru alderdiek daukate: EAJk, EH Bilduk eta EH Baik. Aberri Egun bateratuaren aldeko ekitaldi batera joaten badira alderdi abertzaleen ordezkariak ulertu beharko genuke bat egiten dutela proposamenarekin, eta ahalegina egingo dutela EH Bateraren proposamena gauzatzeko. Zertara joaten dira bestela?
Ez da oso bizkorra izan behar ondorioztatzeko igandeko Aberri Eguneko ekitaldietara joandako gehienek oso ondo hartuko luketela deialdi bateratua.
Ekitaldi instituzionalik ere ez dauka Aberri Egunak.