«Aitona hil da, bere logelan armatuta sartzen ikusi gaitu, eta bihotzekoak eman dio!», esan zioten zutabegile honi torturatzen ari zitzaizkion guardia zibilek, iseka tonuarekin, Martin Ugalde hila zela sinetsarazi nahian. Ez zen oso sinesgarria torturatzaileek min egiteko asmoarekin esandakoa, baina atxilotua dagoen egoera babesgabean edozer izan daiteke sinesgarri.
Gaur egun Martin Ugalde Parkea dagoen lekuan —ideia bikaina eta justiziazkoa eduki zuten kultur enpresen parkeari Ugalderen izena jartzea erabaki zutenek— brokak egiten zituen Laborde enpresan hasi zen gaztetan lanean Ugalde, eta enpresa hura itxi ondoren hartu zuen eraikinak Euskaldunon Egunkaria-ren egoitza nagusia, Andoainen. Irribarrez, eta harrotasunez, esaten zuen Ugaldek bitxia zela bere bizitza profesionala bukatzea —egunkariko lehendakaria baitzen— gaztetan brokak egiten hasi zen leku berean: «Pozgarria da orain euskarazko ekoizpena egitea lehen burdina lantzen zen lekuan».
Bizitza osoa gure herriarekin engaiatuta, euskara eta kultura bultzatzea izan zen bere konpromiso nagusia, Venezuelako erbestean —«nire beste aberria» esaten zion Ugaldek Venezuelari— hala nola Euskal Herrian.
20 urte bete dira gaur Martin Ugalde hil zutela, bizitzaren azken urteetan Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen eta Guardia Zibilaren mendeku injustua pairarazita.