Denoi gertatu zaigu

Leire Palacios.
2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Azkena Rock Festibaleko kartel maskulinizatuak ez zuen borroka berririk piztu. Akaso fokuan diren emakumeek historikoki pairatu duten eta pairatzen duten biolentzia —hizpide daukaguna— sinbolikoa hitzez adieraztea izan zen. Hau da, ordura arte gertatu ez zen bezala, oihartzuna izan zuen egoera desorekatuaren azalpen publikoak. Hell Dorado aretoan lan egin duen Dorleta Martinez de Aramaiona gasteiztarrak emakumeen gabezia nabarmena zuen kartela publikoki salatu zuen. Musikaren hainbat alorretan ibilbide luzea du Dorletak; hortaz, ondo daki bere salaketari egin zitzaion kontra argudiaketak ez daukala ez hanka ez bururik: «rock musikan ez dago emakumerik». Lehen klixearekin topo egin dugu. Funtsik gabeko tankerako argudioek barre sakona sortzen diote Chica Coyote & Chico Tornado taldeko bateria den Ursula Strongi. Musika industrian gertatzen den genero bereizketa ideologia kontua dela uste du Strongek, eta ez dauka inolako asmorik kontu horiei jaramon eginda energia galtzeko. Izan ere, esperientziarekin oskola gogortu du Strongek eta emakumeok biolentzia sinboliko horien gainetik egon behar dugula argi dauka. Alegia, generoa dela-eta gure balioa zalantzan jartzen duen edozeinen hitza desligimizatu behar du gizarteak. Nara Pinto, urte luzez Azkena Rock Festibalaren programatzailea izan zenak, bestelako arrazoiak zeudela ez du zalantzarik egiten. Esate baterako, batetik, artistaren agenda eta katxeak bat egin behar dute jaialdiaren ezaugarriekin, eta bestetik, kontu komertziala dago. Hau da, zenbat eta audientzia handiagoa, orduan eta diru gehiago irabaziko du jaialdiak. Beraz, dirua ekarriko duten taldeak nahi dituzte. Argudio horrek ere ez dirudi lar koherentea denik; zer esan nahi du, generoa eta kalitatea lotuta daudela? Dirudienez, emakumearen eta musikaren inguruko bigarren klixearekin topo egin dugu.

Haatik, bidea oztopo lotsagarriek betetzen dute: nola eraikiko dugu genero bereizketarik gabeko musika ingurua, eurek izendatutako berdintasun legeak sikiera errespetatzen ez dituzten agintarien menpe bagaude? Carmen Zapata, MIM Mujeres en la Industria de la Musica elkartearen lehendakaria, Katalunia eta Espainiar estatuko hainbat udaletxerekin lan egiten ari da herri eta hirietan antolatzen diren kultur ekitaldietan berdintasun legeak betetzeko konpromisoa har dezaten. Nola da posible lege bat betetzeko konpromisoa landu behar izatea? Zergatik ez da gauza bera gertatzen gainontzeko legeekin? Genero kontuak bigarren mailakoak dira? Hortxe, hirugarren klixea.

Musika industriarekin lotuta dauden lau emakumeak hilabete atzera elkartu ziren Bilboko Kafe Antzokian. Audientziak hartu zuen hitza euren jardunaren ondoren. Genero bereizketa ere gertatzen da teknikariekin, musika enpresetako komunikazio arduradunekin, kultur kudeatzaileekin, edota musika kazetariekin. Denoi gertatu zaigu: «kultur kazetaritzan emakume askorik ez dagoenez, eta feminista izatea modan dagoenez gero, lan egiteko besteok baino aukera gehiago izango dituzu» esan zidan emakumeak kulturan badaudela ikusteko genero miopia daukan kultur kazetari batek.

Emakumea bazara, dirudienez, esfortzuak eta lanak ez zaituzte inora eramaten. Historikoki, heteropatriarkatuaren hegemoniak ordena ezarri du: gizonarena da espazio publikoa eta emakumearena pribatua. Horregatik, espazio publikoa hartzen duen emakumea subertsiboa da eta erresistentzia kudeatu behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.