Miami ondoan bada frontoi zahar bat. Daniako Jai Alai. Adinekoek diote garai batean amets amerikarraren tenplua izan zela—zehazki, Richard Nixonen Watergate eskandaluaren eta NASAko azken Apollo misioen urte loriatsuetan—. Baina Floridako zesta-puntaren urrezko urteak aspaldi joan ziren. Kasinoaren metastasiak inguratu du ordutik kantxa, oihaneko huntzak Kanbodiako tenpluak bezala. Harmailarik ere ez da geratzen; txanpon-makina, blackjack eta erruleta guztiei lekua egiteko desmuntatu zituzten. Ikuslerik ez baita hurbiltzen batere. Apustuak, jokoak: horrek segitzen du, bai, bizkor.
Etxe Zuriarekin ere antzeko zerbait ari da gertatzen. Sasitzak jan du, apurka, demokraziaren pilotalekua. Partida amaitzera doan honetan, apustuak egiten hasita —gorri ala urdin—, irudika dezagun datorren asteartetik aurrerakoa. Nolakoa litzateke Donald Trumpen bigarren agintaldia? Eta Joe Bidenen presidentetzak nola eragingo liguke AEBetatik kanpora bizi garenoi? Politikan ia mende erdi daraman Obamaren presidenteorde zentristaren nazioarteko ikuspegia aski ezaguna da: atlantismo hertsia (NATO) eta klima-krisiaren aurkako konpromisoa (Pariseko akordioa). Trumpen modus operandi berezia ere ikasi dugu honezkero. Nola belaunikarazi duen Alderdi Errepublikanoa bere aurrean. Nola bereganatu duen errelatoa, oihuka eta espantuka. Nola kanporatu dituen, bata bestearen atzetik, aurre egin dioten aholkulari eta gobernukide guztiak eta haien lekuan itsu-itsuan arrazoia ematen dioten kolaboratzaile leialak jarri—tartean bere familia osoa—.
Azken lau urteotan Trumpek bere botere autokratikoaren oinarriak finkatu ditu. John Boltonek bere liburuan dioen bezala, balizko bigarren agintaldi batean Trumpek «lotura politikoak arinduko lituzke». Alegia, askatasun handiagoa izanen luke erabakiak hartzeko. Eta horrek munduan ziurgabetasun asko piztuko lituzke. NATOko aliatu europarrekin hautsiko luke? Txinaren aurkako gerra komertziala muturreraino eramanen luke? Israel eta Saudi Arabiarekin batera Iranen aurka eginen luke? Qassem Soleimani jeneralaren hilketak gerra hotsak piztu zituen koronabirusak oso era komenigarrian denbora izoztu baino lehen. Argi gelditu zitzaigun Trump ez dela espero genuen isolazionista.
Baina bi presidentegaien arteko alde handienak barne politiketan nabarituko lirateke. America First. Pandemiari aurre egiteko estatubatuarrek Biden nahiago dutela diote inkestek. Hautagai demokratak —Trumpen gisan— doako txertoa agindu die boto-emaileei. Gainera, Obamak hasitakoa amaitu nahi du: herritarren % 97 aseguru mediku baten aterpean jartzeko helburua du, Medicare bezalako sistema publiko baten bitartez. Hala ere, Biden ez da osasun unibertsal eta publikoaren aldekoa —bere ideologia liberala Bernie Sanders sozialistarengandik urrun dago—.
Trumpentzat, berriz, ekonomiaren suspertzea da premiazkoena. Koronabirusak itxitako negozioak ireki nahi ditu 2021erako, hamar milioi lanpostu berri sortu, eta zergak jaitsi. Bidenek aberatsenei eta enpresei zergak igo nahi dizkie eta horrek munizioa ematen dio Trumpi. Joe eta Kamala ezkertiar erradikalak direla errepikatzen du behin eta berriz, norbaitek sinetsiko balio bezala. Beldurraren diskurtsoa, kaosaren beharra, arrazakeriaren erabilera, etengabe.
Trump ala Biden, astearte gauean argituko dira gauzak, epaileak festibala amaitutzat ematen duen unean. Bien bitartean, beste hauteskunde batzuetan liluratu gaituen ikuskizun mediatikoaren faltan, apustuak apustu, egin beza mundu osoak dantza demokraziaren jai alai horretan.
Demokraziaren jai alai hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu