Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Demokrazia Espainiako erara

2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
AEBetako The New Yorker aldizkari prestigiotsuak ikerketa bat argitaratu berri du, eta lan horretan egiaztatu da Espainiako Estatuak sistematikoki zelatatu dituela Kataluniako hainbat buruzagi nazionalista eta Euskal Herriko bi. Torontoko Unibertsitateko The Citizen Lab laborategiaren ikerketa baten emaitza da informazio hori, eta zera dio ikerlanak: 2015etik, eta bereziki 2017tik 2020rako tartean, ziberespioitzarako tresna bat garatu zela Pegasus eta Candiru programen bitartez; Israelen sortutako teknologia bat da, estatuen esku baino ez dagoena eta besteak beste Generalitateko presidente guztiei eragin diena.

Nahiz eta Espainiako agintariek, Margarita Robles Defentsa ministroak aurrena, ukatu egin duten estatuaren segurtasun zerbitzuek erantzukizuna izan zutela operazio horretan, ez dago zalantza handirik Espainiako zerbitzu sekretuek (CNI) parte hartu dutela. Nazioarteko zenbait hedabidek, hala nola Frantziako Libération-ek eta Mexikoko La Jornada-k, Mariano Rajoyren eta Pedro Sanchezen gobernuak jo dituzte erruduntzat zuzenean, eta legez kontra jardutea egotzi diete. Antzera mintzatu dira prozesu horretan zelatatu dituzten militante nazionalistak ere (60 baino gehiago).

Espainian etengabe erabili izan da estatuaren aparatua aurkari politikoei aurre egiteko. Beste toki batzuetan, antzeko praktikak egiteagatik kargua utzi behar izan dute arduradun politiko goren batzuek gogoan izatekoa da 1974an Richard Nixoni Watergate auzian gertatutakoa, baina, Espainian, halako operazioen egileek inpunitate osoa dute, eta erantzule politikoak erabat babestuta daude. Hori agerian utzi dute Barcenas zelatatzeko operazioak eta jada Catalangate esaten zaion horrek.

Espioitza politikoko auzi hori Espainiako demokraziaren funtzionamenduaren erakusgarri da. Hain zuzen, eredu politiko horren legitimotasunak frankismoan du jatorria, eta mugimenduaren funtsezko legeak direlakoetan oinarritzen da. Ezer berririk ez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.