COVID-19. Zein eragin izango du turismoan?

BERRIA.
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
COVID-19a mundu mailan izaten ari den egoerak ez du aurrekaririk. Ekonomian Barne Produktu Gordinaren %8ko jaitsiera izango da Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) arabera estatu mailan, eta argi dago turismoan izaten ari den eta izango duen efektua are eta larriagoa izan daitekeela. Osasun krisi honen aurreko datuek erakusten dute turismoaren sektorearen garrantzia ekonomiarentzat. 2019 urtean, aurreko urteetan izandako goranzko joera berbera erakutsi dute turismoko datuek: Euskal Autonomia Erkidegoan ia hiru milioi eta erdi bisitari izan genituen,eta horrek 4.651 milioiko ekarpena izan zuen Barne Produktu Gordinean; hau da, %6,1ko ekarpena. Datu horiek instituzioen estrategia helmuga turistikoen kudeaketa egokian bideratu dute, aurretik hain garrantzitsuak izan den helmuga turistikoaren promozioaren gainetik.

2020ko datuak nolakoak izango diren jakiterik ez dago oraindik, baina aurreikusi daiteke izango duen efektua oso gogorra izango dela. Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) argitaraturiko azken txostenetan sektore turistikoak mundu mailan jasango duen efektua, COVID-19aren eraginez %20-%30eko jaitsiera izango dela dio, bai eskaintzan eta bai eskarian, eta 2003ko SARSaren epidemiak eta 2008ko krisi ekonomikoak izan zuten eragin negatiboa oinarri hartuta. Horrek erronka garrantzitsu baten aurrean kokatzen du etengabeko bilakaeran dagoen sektorea.

Sektorea guztiz geldituta dago orain, eta berriro martxan jartzeko bideak definitzea da orain egin behar den lana. Aste Santua bukatu da, eta konfinamendua ez da bukatu. Udaran normaltasunera bueltatzea espero den arren, eta kalera irteteko aukera izango dugula uste dugun arren, nazioarteko bidaiak egite zailagoa izango dela pentsatu daiteke. Turistak krisiekiko sentikorrak direla esaten dute azterketa ugarik, baita krisien aurrean aurretik izandako datuek ere. Pertsona desberdinek jarrera ezberdina izan dezakete krisiaren ondoren; izan ere, politikak eta arauek, baita gaixotasunaren kutsadurak dakarren beldurrak ere, eragina izango dute eguneroko bizitzan eta bidaien aurrean dugun jarreran, eta norbanakoaren izaerak eta bizitako esperientziek baldintzatuko dituzte krisiaren aurrean egongo diren portaera ezberdinak. Hortaz, krisiari aurre egiteko estrategiek ere egokituak izan beharko lukete bisitari mota eta bidaia eredu ezberdinei erantzunez. Joera dentsitate baxuko helmugetara joatea izan daiteke, landa eremuetara adibidez, baina nola jakin?

Turismoa erresilientzia handiko sektorea da, eta errekuperaziorako gure herriarentzat nahi dugun turismo mota bultzatzeko aukera ekarri dezake. Krisien izaera ezustekoa eta kontrolaezina denez, horrek dakartzan egoerak aurreikuspenerako eta kontingentzia sistemak finkatzeko beharrezkoa egiten dute, eta horiek bideratzeko ezinbestekoa da bisitari potentzialaren portaera zein izan daitekeen identifikatzea. Gertuko bisitariak izan daitezke 2020ko bigarren sei hilabetekoan nagusiki izan ditzakegun bisitariak, eta horien motibazioak, beldurrak eta portaera posibleak zeintzuk diren ezagutu beharra dago turismo agenteek bezero berri batek izan ditzakeen behar eta nahiak asetzeko. Adibidez, nazioarteko bisitariekin lan egiten zuten agente eta enpresek estatuko, autonomia erkidegoko eta baita probintzia bereko bisitariekin lan egin beharko dute orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.