MacGyver agente sekretua ere sartu zen behin euskaldun artera, «Frantziaren eta Espainiaren aurka borrokan ari diren euskal mendizaleek» Pirinioetako bazter ezkutu batean bahituta zeukaten geologo ilehoria askatzera. MacGyverrek susmoa hartua zeukan, hain zuzen, bonba atomikoa egiten lagun ziezaien hartu zutela gatibu zientzialari estatubatuarra mendizale txapeldun haiek, geologoak eta fisikariak bereizten ez zekitenez. MacGyver baino lehenagotik ere ibili ziren nahastuak estatubatuarrak eta euskaldunak espioitza kontuetan. Jesus Galindezen ibilerei espioien pelikulen mailako bukaera eman zioten agente jeltzalea desagerrarazi zutenek. EAJren zerbitzuek ere ez zuen ordain onik izan azkenean, Francoren erregimenaren homologazioarekin ordaindu baitzieten zerbitzua zerbitzuei.
Jakina, gure espioitza kontuak ez dira ez Hollywoodera mugatzen ez gerra hotzarekin bukatzen. Galdetu, bestela, Carlos Garaikoetxeari. Lehendakari izateari utzi berritan, EAJ zatitzeko zorian zegoenean, hainbat ertzain Zarauzko bere etxeko telefonoan entzuketak egiten saiatu zirela frogatutzat eman zuten auzitegiek. Edo Iñaki Anasagastiri. 2003an, Espainiako Kongresuan EAJko taldeburu zenean, haien bulegoko telefonoan entzuketak egin zituztela salatu zuen. Kontatu zuenez, idazkari batek dei bat egiteko telefonoa eskegi zuenean, hariaren soinua beharrean, bezperan idazkariak berak izandako hizketaldiaren zati grabatua entzun zuen. Espainiako Gobernuko orduko lehendakariordeak, Mariano Rajoyk, goitik behera gezurtatu zuen dena. Rajoyk esana: CNIk ez ditu alderdi politikoak espiatzen.
Horixe bera esan omen du CNIko gaur egungo buruak, Felix Sanz Roldan jeneralak. A ze lasaitua hartu duten, bereziki, azalpenak zuzenean entzuteko aukerarik izan ez duten diputatu ez fidagarriek. Ahaztu egin beharko dute, adibidez, Amaiurren bulegoaren barruan euren artean egindako komentario batzuk albiste bihurtuta ikusi zituztela El Mundo-n 2012ko urrian. Ernaiko kideak ere oso lasai gelditu dira jeneralaren azalpenekin, ezker abertzaleko beste kide guztiak bezain lasai. Noizean behin, erakutsi berri dutenaren moduko tramankuluak topatzen dituzte haien egoitzei begira, oraingoan Ernaikoek bezala; edo haien kotxearen ezkutuko bazterren batean, Unai Fano ezker abertzaleko talde negoziatzaileko kide zenak 2007an bezala; edo telefonoz esandakoak argitaratuta ikusten dituzte prentsan, eliz ondoan —ez Elizondon— bildu ziren beste haiek bezala. Irudimen konspiranoikoaren ajeak.
Kazetariak, enpresariak, politikariak eta abarrak espiatzen zituzten zerbitzu sekretuak Narcis Serraren 1995eko dimisioarekin bukatu ziren, nonbait. Gogoratu: Espainiako Erregeari berari ere entzuketak egitea leporatu zieten eskandalu hartan eta, presidenteordeak ez ezik, Garcia Vargas Defentsa ministroak eta Alonso Manglano CESIDeko buruak ere dimititu zuten. Handik urte batzuetara izena aldatu eta, noski, hau beste gauza bat da.
Lege zaharra: boterean egonik bitartekoak dituenak aurkari politikoak zelatatzen ditu, eta zelatatuari ez zaio geratzen zelataria salatzea besterik, horrek bere burua nabarmen uzten duen bakoitzean. Jakina da eta, aldi berean, salatzekoa. Kito. Ez da broma, baina bromarako aukera ematen du. Izan ere, nora ezean dabiltza. Leku okerrera begira. Amerikarrek ez dute Rajoy zelatatzen, Merkel baizik. Badakite mamia non dagoen. Rajoyren zelatariek hobe lukete, MacGyver moduan Pirinioetako mendebaldean aritu beharrean, begiak eta belarriak mendikatearen ekialderantz zuzentzea.
Handik eta hemendik
CNIren begiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu