andoni egana
Plazatik

Carreroren aulkia

2014ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzoko BERRIAren lehen orriko argazkiak bazuen zerbait berezia. Azaltzen ziren pertsonak aski ezagunak ziren: Espainiako Ogasun Ministroa, Montoro jauna, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Josu Erkoreka jauna eta Ricardo Gatzagaetxebarria jauna nik ezagututakoen artean, Erkidegoko hiru herrialdeetako Diputatu nagusiak, Jose Luis Bilbao, Javier de Andres eta Martin Garitano jaunak… Ez dirudi bileraren mamiak hartarainoko garrantzirik zuenik ortzimugan bestelako kontu potoloagoak zirriborratzen hasiak gauden honetan. Sos kontua. Ze zerga nork bildu. «Aldundiek gehienez 70 miloi euro gehiago jasoko dituzte aurten bere esku utzi dituzten zerga berriekin» zioen Iker Aranbururen azpi-titularrak. «Funtsean gai tekniko bat da, zerga horien gaineko eskumena Madrilek gorde nahi duelako» xehatzen zuen artikuluan barna. Eta kontu zehatzago baten berri ere ematen zigun: «Azaroaren amaieran ados jarri ziren Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza, eta azken asteotako zalantza bakarra izan da zer egingo zuen Gipuzkoako Aldundiak, akordioa sinatzeko 'zailtasunak' ikusi baitzituen. Azkenean, 'arduragatik', Martin Garitanok bere sinadura jarri zuen agirian, Jose Luis Bilbaoren (Bizkaia) eta Javier De Andresen (Araba) sinaduren ondoan. Sinadura bera esanguratsua da, lehen aldia baita Bilduko agintari instituzional batek Espainiako Gobernuarekin batera itun bat izenpetzen duela».

Berriak berri eta mamiak mami, argazkiak eman dit atentzioa niri. Parte hartzaileen aurpegiengatik baino gehiago mahaiaren garai joanen distira kutsuarengatik. Eta atzealdean ageri diren margolan edo tapizen tamainarengatik. Goiza aurrera, Gipuzkoan argitaratzen den egunkari batek eman dit nire begiek sumatzen zutenaren azalpena, neuk uste baino ere esanguratsuagoa. Berri nagusiaren ondoan, aski hizki larriz, «Garitano y el fantasma de la silla de Carrero Blanco» izenburuko artikulua dakar. Manu Alvarezek kontatzen du, atzoko bilera hori lehen aldiz Villamejor markesaren palazioan burutu zela. Eraikina 1885ekoa omen da, eta Castellana pasealekuaren hasieran omen dago kokatua. Ezer ez apartekorik. Baina eraikin hori tarteka Espainiako Gobernuaren Presidentziaren egoitza izan zen nonbait. Gerra Zibil garaian Ministro Kontseilua han biltzen zen Manuel Azañaren gidaritzapean. Eta gerora, Francoren Gobernuak ere bertan egin omen zituen bileraren batzuk, Carrero Blanco Gobernuburu zen sasoian. Kazetariak dioenez, bilera-gelaren zama historikoa izan zen Erakundeetako ordezkariek eseri orduko, eta izotza urtze aldera ziurrenik, atera zuten lehen gaia. Eta orduan bota omen zuen Gipuzkoako Diputatu nagusiak, berezkoa duen ahots lakarrez…: «Creo que me ha tocado la silla de Carrero Blanco».

Ez dakit ze aurpegiera jarriko zioten gainerako bilerakideek. Auskalo bestelako iruzkinik egiteko aukerarik izan zuen Garitano jaunak. Pasadizo soil dirudien honek eman dit niri ordea zeri heldua. Muineko galdera iruditzen zait. Nolakoa behar luke politikariaren aulkiak? Eta erantzuna argi daukat: Kafkarena bezalakoa. Kontatzen dute, Kafka idazleak bazuela aulki bat kuttuna, bere idazlan guztietarako eserleku erabiltzen zuena. Hankaren bat kili-kolo zuela eta arotzarenera eraman omen zuen konpontzera. Arotzak bere lana egin omen zuen, baina Kafkari ez zitzaion nonbait gustatu. Aulki berritua jaso zuenean, kexu azaldu zitzaion arotzari: «Eta bizkar aldean zeukan konkor hura?». Azalpena eman zion arotz onberak: «Leundu egin diot, zuretzat molestagarri izan ez zedin». Eta Kafkak argitu behar izan zion bizkarrean sentitzen zuen egur-begi deseroso hura zuela idazle sorkuntzarako akuilu. Hura gabe, goxo-goxo eserita, ez zekiela sortzen asmatuko zukeen.

Tankerako aulkia behar lukete politikariek. Eta bizkarreko konkor izan behar genuke herritarrok, lau urtez behin hautestontzian papertxoa sartzeak asebete ez gaituenaren lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.