Gari Berasaluze.
KALAPORTUTIK

Cadreitako sugandilak

2015eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Sugandilak ikusten dituen bakoitzean, Amadeorekin akordatzen da oraindik Mikaela. Zazpi urte besterik ez zituzten, baina elkarrekin jolasean pasatzen zuten eguna, kalean, ganbarako bazter ezkutuak arakatzen, gereziondoetara igotzen edo sugandilak harrapatzen. Lagun bereizezinak ziren bi haurrak, inozentziaren soinekoa eta galtza motzak jantzita, 1936ko uda hark dena aldatu zuen arte.

Amadeoren aita desagertu egin zen egun batetik bestera. Erreketeek eraman zuten, beste asko bezala. Emazteak ezin izan zion izuari eutsi, laster bere larruan ere sufritu zezakeenaren ikarak harrapatuta, eta alde egin zuen, ihesean hiru haurrak hartuta. Harrezkero, Mikaelak ez du Amadeo ikusi.

Amadeoren aita eta Cadreitako beste 52 gizon Iruñeko kartzelara eraman zituzten. Egun batean, aske geratuko zirela esan zien erreketeen buruzagi batek, inork ez zuelako odol deliturik eta ez zirelako komunistak. Bi egun geroago, abuztuaren 23an, libre geratuko zirela uste zuten 53 gatibuak elkartu eta kartzelatik atera zituzten. Atarian, ordea, binaka eskuak lotu eta autobusetara igo zituzten. Falangistak eta apaizak ikusita, laster susmatu zuten bidaiaren azken geltokia ez zela askatasuna. Baita asmatu ere. Iruñeko kartzela zaharretik 70 kilometrora gelditu ziren, Valcalderako larreetan, bi egun lehenago prestatu zizkieten hobien ondoan. Honorio Artetak ihes egitea lortu zuen, baina gainerako 52 presoak fusilatu egin zituzten, hamarnaka jarrita.

Sarraskiaren ondoren han bertan lurperatu zituzten, hobi komunetan. Gorpuzkiak Erorien Haranera eraman zituzten 1950ean, eta geroago Nafarroara ekarri bueltan. Senideek, ordea, oraindik etxekoen hezurren bila segitzen dute.

Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak oroimen ekitaldia egin zuen herenegun Cadreitan, Valcalderako sarraskian fusilatutakoen omenez. 86 urterekin, han bildutakoen artean zaharrena zen Mikaela. Negar egin zuen, baina Amadeorekin akordatuta irribarrea ere ihesi zitzaion, han bueltaka eguzkitara ateratako sugandilak ikusi zituenean.

Tomas Dominguez Arevalok eman zuen preso haiek fusilatzeko agindua. Rodezno Kondeak. Karlista sutsu hura erreketeen buruzagia eta genozidioaren arduradun nagusienetakoa zen sasoi hartan Nafarroan. Geroago Francoren Justizia Ministroa izan zen. Gaur egun, oraindik, bere izena du Iruñeko plaza handienetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.