ZUZENDARIEN GALEUSCA

Bretainiako Tanxugueiras

Vicent Partal.
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Maria: Tanxugueiras taldea, denok ezagutzen dugun polemika eta guzti, azkenean ez da Espainiako telebistaren ordezkari izango aurtengo Eurovision jaialdian, baina Frantziako telebistak, berriz, Bretainiako talde bat aukeratu du aste honetan bere ordezkari izateko. Hortaz, gutxienez hizkuntza gutxitu batek izango du tokia Turingo finalean.

Alvan & Ahez izena du taldeak, eta Fulenn abestia kantatuko du, bretoieraz, France2ko ikus-entzuleek eta epaimahaiak oraingoan polemikarik gabe erabakitakoari jarraituta. Tanxugueiras taldeak aurkeztutako proposamen musikalaren oso antzekoa da Fulenn: folketik abiatutako estilo berritu bat, oinarri elektronikoan egina eta, egia esan, deigarria. Ereserki feministatzat ere jo izan da, eta egileek esan dute Ukrainako Shum taldea hartu dutela erreferentziatzat; beraz, espero dute agertokian nolabait elkartasuna adierazi ahal izatea Errusiak inbaditutako herrialdeari.

Bigarren aldia da Frantziako telebistak bretoieraz kantatzen duen talde bat eramango duena Eurovisionera, baina badirudi oraingoan bestelakoa dela egoera. Gure hizkuntzak eskoletan erabiltzearen inguruko polemikak asko aldatu du haiek nola hautematen diren, eta ez soilik katalana eta euskara, baita okzitaniera, alsaziera, korsikera eta bretoiera ere. Eta, batez ere, oso garrantzitsua da nola geratu den agerian hizkuntza propioa duten lurraldeak gehiengoa direla Frantziako Estatuan, orain arte esaten zenaz bestera. Jakina da nola legea auzitara eraman zuten baina ozta-ozta lortuta horretarako gutxieneko diputatu kopurua, nola diputatu horiek denak Pariskoak diren, eta zer oihartzun izan duen horrela gertatu izanak. Denborarekin ikusiko da ea hori nahikoa izango den, Martxelo, azkenaldian gure bi herrialdeetan eta Frantziako errepublikako beste zenbait lurraldetan igarri den dinamika positiboa indartzeko.

Baina ez gaitezen engaina: dena ez da arrosa kolorekoa. Korsikan tentsio handia dago azkenaldian, Frantziako kartzela batean Yvan Colonna preso politiko independentista hiltzen saiatu direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.