Ipar Euskal Herrian eskolak euskaraz hartzen dituzten ikasleek, hauen gurasoek eta irakasleek ere bai, urteak daramatzate Frantziako hezkuntza sistemak pasarazten dizkien azterketa orokorrak euskaraz egiteko eskubidearen alde borrokatzen. Urtea joan eta urtea etorri, beti jartzen dute jakobinoek aitzakiaren bat. Ikasleek ez dute amore ematen, seguru baitaude egunen batean lortuko dutela bi langa horiek euskaraz igarotzea.
Bi azterketa dira: brebeta da lehena, 14-15 urteko ikasleek egin behar dutena; eta baxua bigarrena, goi mailako ikasketak egin nahi dutenek gainditu beharrekoa. Frantziako Gobernuaren jokabidea obsesiotik gertu dagoela ondo erakusten du 2019an gertatu zena. Brebeta azterketan frantsesez egindako idatzizko galderei euskaraz erantzun zieten ikasle euskaldunek. Aurreko urteetan gertatu izan zen azterketa horien zuzentzaileen artean euskaldunak egotea, eta elkartasun keinua eginez zuzentzaile horiek ontzat jo zituzten azterketak horiek.
Hori berriro ez gertatzeko, euskaraz egindako azterketak Bordelera bidali zituzten duela hiru urte hezkuntza arduradunek; euskaraz ez zekiten zuzentzaile frantsesen esku utzita.
Aurten ere, aurreko urteotan bezala, Seaskako irakasle euskaldunek uko egingo diote azterketak zuzentzeari, ikasleei ez dietelako euskaraz egiten utziko. Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea da, 1969an sortua, 37 eskola dauzka, eta hazten doa urtez urtez, lehen hezkuntzan bereziki.
Parisko gobernuek ez dute sekula urratsa egiten borondate onez, etengabeko borroka ibili behar izaten dute hezkuntza eragileek, eta orain arte lortutakoak mobilizazio eta protesten bidez lortu dute. Zailduta daude saiakera horietan ikasleak txikitatik, irakasleak eta gurasoak.
Horregatik da pizgarria ikustea brebeta egiteko adinean dauden 14 eta 15 urteko ikasleek erakusten duten kemena pankartak, elastikoak... eta haien aldarrikapena zabaltzeko balio dien oro egiteko.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Brebetako ikasle kemena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu