martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Botoak, emaitzak eta akordioak

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Udal hauteskundeak dauzkagu gaur, Maria eta Vicent, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko hegoaldeetan, eta Galizian. Gure kasuan, Nafarroako lehendakaria aukeratuko duen parlamenturako bozak ere badira, hauteskunde eguneko interes eremu nagusietako bat izanik.

Batzar Nagusiak ere aukeratuko dituzte gaur herritarrek —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako legebiltzarrak dira erakunde horiek—, eta hauen lan nagusia herrialdeen eskumenekoak diren gaietan legeak egitea eta aldundiak kontrolatzea da. Herritarrek gutxien ezagutzen dituzten erakundeak izanda ere, ez da komeni herrialdeetako ganbera horien balioa gutxiestea. Ez dezagun ahaztu aldundiek indar handia daukatela, zergak biltzen dituztelako, eta Batzar Nagusiek erabakitzen dituzte zerga horiek biltzeko arauak; alegia, dirua daukaten erakundeak dira. Eta dirua, hemen eta edonon, boterea da.

Kanpaina bukatu da, eta interesgune nagusiak kanpainaren hasieran zeuden berak dira. Iruñean, EH Bilduko alkategai Joseba Asironek lortuko dituen emaitzek nahiko tartea emango ote dioten oso zaila egitekosozialistei hari babesa ez ematea. Nafarroako Parlamenturako bozetan nola geratuko den Geroa Bairen eta EH Bilduren arteko lehia eta, horrekin, zenbaterainoko higadura egingo dion PPren zerrenda sortu berriak UPNri.

Bizkaian, EAJren nagusitasuna espero da, hori delako indartsuen dagoen herrialdea. Gipuzkoan, lehia nagusia EAJren eta EH Bilduren artekoa da, herrialdean eta tamaina erdiko herrietan. Araban ere estua izango da kontaketa, badirudi Gasteizen boto gutxik erabakiko dutela EAJren eta EH Bilduren artekoa.

Hala ere, gauza bat da irabaztea eta bestea alkatetzak lortzea. EAJk eta PSEk daukaten akordio estrategikoa luze irauteko bokazioarekin jaio baitzen. Gure herrian, interes handiarekin irakurriko ditugu zuen hiri eta herrietako emaitzak. Zuen herriak beste egoera nazional batera eraman nahi dituzten alderdien emaitzak erreferentziazkoak izango baitira euskaldun askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.