Vicent Partal.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Borras

2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidentearen epaiketak orrialdeak eta orrialdeak hartu ditu aste honetan Kataluniako prentsan. Asteazkenean bukatu zen, Borrasen defentsa alegatuarekin, eta guztiok idatzi dugu epaiketa horren inguruan.

Orain, auzitegiak sententzia emango du, eta horren zain egon behar, baina badirudi sententzia gogorra izango dela. Fiskalak sei kartzela urte eskatu ditu, bai eta inhabilitazioa ere, berez bizi guztikoa izango litzatekeena. Mundu guztia sinetsita dago zigor gogorra izango dela, eta Juntseko liderraren bizitza politiko eta instituzionala amaiaraziko duela, horrek dakarren guztiarekin.

Epaiketa egunak luzeak izan dira, eta bi kontakizun aurkeztu dira, biak ere egiazkoak. Batetik, pisuzko lekukotzetan oinarritu dira Borrasen kontrako frogak. Bestetik, argi geratu da lawfare kasu bat dela hau, zenbait arrazoi direla medio: haren kontrako ikerketa prospektiboa irregularra izan da; frogen zaintzan okerrak egin ditu Poliziak; duela lau egun arte kausa bereko kide zituenek ituna egin dute fiskaltzarekin; eta hedabideak behin eta berriro ibili dira informazio faltsua hedatzen. Alegia, arrazoi politikoak zeuzkaten Borras politikatik baztertzeko, eta horixe egin dute. Egoera, beraz, korapilatsua da.

Nire ustez, interpretazio hau zabaldu da batean eta bestean: kudeaketan irregulartasunak izan zirela Borrasek Letra Katalanen Instituzioa zuzendu zuen garaian, baina erakunde guztiek eta ia politikari guztiek egiten dituztela halako irregulartasunak. Borras ez balitz Borras, ez zen epaiketarik izango, edo zigor administratibo soil batez ebatziko zen auzia. Baina Borras da.

Orain, sententziaren zain egon beharra dago, eta aste batzuk itxaron beharko da. Gero, ea zer gertatzen den Borrasekin eta Juntsekin. Kartzelara sartu beharra, halakorik balitz behintzat, oso urrun dago oraingoz, baina, inhabilitatuko balute, horren ondorio politikoak ez leudeke urrun.

Ikusiko dugu, beraz, Juntseko presidentea izango ote den aurrerantzean ere. Parlamentuko presidentea behintzat ez da izango, eta, are, aste honetan bertan, Junts hasia da plazaratzen nor izan litekeen haren ordezko. Bestalde, denok espero dugu gordindu egingo dela Puigdemonten alderdiko sektoreen arteko borroka. Uste izatekoa da Xavier Trias ondo moldatuko dela Bartzelonan, eta, horren ondorioz, alderdiko zuzendaritza Convergencia i Unioren aldera lerratzen ari da ostera, batere disimulurik gabe. Alderdiaren oinarriek, ordea, onartuko al dute hori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.