lander garro
UDA BETIKO BALITZ

Bizitza zatiak

2016ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Egunkaria irakurtzea, ez gaitezen engaina, ez da garai bateko errituala. Garai bateko goizak, ezjakintasunarenak izaten baitziren. Ez geneukan ideiarik mundua nola ote zebilen, pleistozenoko albisteez elikaturik ibiltzen ginen.

Informazioaren historiaurrean bizi ginen, eta ez pentsa: dena genekiela usten genuen! Izan ere, garai hartan bi mundu zeuden argi eta garbi bereiz genitzakeenak: geure mundua, eta beste mundua, urrunekoa, arrotza, burua tarteka han sartzen genuelako baizik ikusten genuena. Geure mundua zen geure etxea, esnatzean ikusten genuen mundu bakarra, bere muga irmo eta, gaurko begiez ikusita, sano horiekin. Eta beste mundua zen, nola esan, kioskoan egunkaria erosi eta, beti sorpresa puntu batez ikasten zenuena. Kontu ezagunak batzuk, eta ezezagunak beste denak. Halako batean agertzen zen albiste segida bat aste osoa irauten zuena: komando bat atxilotua lehenik, komandoa komisaldegian gero, komandoko kide batek ihes egin omen du poliziaren eskuetatik bat batean, komandoko kidea hilik da ibai batean azkenik. Eta egunero, egunkaria kioskoan hartu orduko, antsiaz irakurtzen zenuen zure begietara berria zena, beste inork esaten ez zizuna. Gero, egunkaria itxita, zure betiko mundura itzultzen zinen, han non, asko jota, baten batek zurrumurruren bat kontatuko zizun, biharamunean egunkarian kontrastatu beharko zenuena, edo, asko jota, gaueko parte-an. Guk batzuetan gau osoa esna ematen genuen zain, goizeko ordu txikietan (lauretan edo bostetan) egunkaria erosi eta konturen bat irakurtzeko. Orduak kalean ematen genituen, berriketan, hipotesiak eginez, egunkaria iristen zen arte.

Egunkaria irakurtzea zen ekintza intimoa: mundurako leihoa zabalduta zeneukan unea. Orain alderantziz da. Orain gosaltzen ari zara uretan hildako umearen gorpua ikusiz, eta kafea amaitu aurretik eta etxetik irten gabe dakizu haurrak nola izena zuen eta nola hil den zure etxetik 1.500 kilometrora. Eta kontua da zurrunbilo hartara, dagoeneko, ez duzula so egin behar: zurrunbilo barruan zaude, gau eta egun. Eta kontua da hura ez, hau, zeure bizitza propioa dela orain gutxiago ikusten duzuna. Lehen bizitza bizitza zen, eta albisteak azaltzen ziren. Gaur bizitza albisteak dira, eta tarteka, bizitza puskaren bat sartzen da espero ez dugun tokiren batetik. Zorionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.